Karlos Linazasorok Nazioarteko I. Xabier Lete Poesia Saria irabazi du

Gipuzkoako Foru Aldundiak iaz sortu zuen Xabier Lete poesia saria, eta Karlos Linazasoro tolosarrak irabazi du lehenengo sariketa hau, Ezer gehiago behar gabe lanagatik.

Nazioarteko I. Xabier Lete Poesia Sariko epaimahaia Igor Estankonak, Joserra Garziak, Tere Irastorzak, Jose Angel Irigarayk eta Lourdes Otaegik osatu dute, eta Linazasororen lana beste 22 lanen artean aukeratua izan da, saria jasotzeko. Epaimahaiko kideek “poema liburu ederra” dela azaldu dute, eta “ideietan, metaforetan eta adierazteko moduetan aurkikuntza poetiko asko” dituela. Era berean, honakoa azpimarratu dute:”Sentimenduak eta natura elkartzeko dotoretasuna, eta amodioari zein galdutako paradisuei kantatzerakoan autoironia dago”.