Urola-Artibaiko hitza

Halaxe nahi nuke izatea nere hemengo hitza, eta bukaeran jakingo du irakurleak zergatik. Badakit irreal xamarra edo ezin litekeentxoa dela, baina nere nortasun edo edonortasuna ere gehienbat ezetik, ezinetik eta irrealetik osatua dagoela iruditzen zait maiz.

Hasteko, azpeitiarra naiz eta ez daukat kotxeko karnetik. Horrek izaki irrealen zakura botatzen nau bete-betean.
Ez dut bat egiten partidu, kolore eta abarrekin. Gora gu ta gutarrak da munduan atzerakadarik haundiena ematen didan kontsigna. Ez diot sekula inongo alderdiri botorik eman. Joan den mendean izan zen referendum batean hartu nuen parte (ezetz esateko), eta hain sentitu nintzen txotxongilotua, non ez dudan berriro botalekura arrimatzeko gogorik izan. «Koloreak sentitzea» ere ez dakit zer den: ikurrina legezkotu eta udaletxeko balkoian ikuste hutsarekin galdu zuen neretzat bandera hark lehenago izan zezakeen graziatxoa. Mutikoskorretan herriko futbol taldearen jarraitzaile amorratua izan nintzen, baina galdu nuen «geure koloreen» aldeko su hura ere, eta ez naiz «gure» probintzia edo hiriburuko taldearen aldekoa ere sekula izan.

Erlijiozko sinismen zahar hura aspaldi galdu nuen, baina egunero ematen dizkiot eskerrak Eneko Loiolakoaren itzalari konpainia multinazional eder bat fundatu eta armatu zuelako. Holakorik izan ez balitz, fabrikaz eta zikinez betetako paraje itsusi bat izango zen Azpeititik Azkoitirainoko eremu osoa.

Erlijioa utzi nuen, baina ez naiz erori beste sinismen potolo batean: ez esoterismo merkean, ez zientzia garestian eta ezta ateismo, materialismo edo dena delakoan ere, nahiz azken honetatik pasea izan. Beraz, lehen-lehenago banekien gauza bat, gero banekien kontrakoa, eta orain ez dakit.

Poliziaren eta justizia ofizialaren kontrakoa izan naiz beti, eta hala ere hamasei bat urte arte bakarrik izan nintzen hemengo kuadrilla armatuen aldekoa. Justizia ofiziala txar-txarra da, baina justizia abertzale edo antikapitalista izenekoa txarragoa izan daiteke askozaz.

Ez dut bidaiatzea maite. Batetik bestera asko ibiltzen naiz gure bazter hauetan, baina bidaiatu esaten dioten lan ikusmirante horretan ez naiz asko nekatzen. Diotena egia baldin bada, ez bidaiatzeak pertsona itxia bihurtuko ninduen, baina neure ustez behar den tamainan nago itxia edo josia.

Txikitan toreroa izan nahi nuen. Aizkolaria ere bai. Horiexek ziren herriko zezen-plazan ikusten nituen gizaki imitagarrienak. Toreroa izan nahi nuen orduan, eta gaur ez naiz zezenketen ikaragarri zalea, baina ez naiz debekatzearen aldekoa ere. Animalismo txorrotxa ez da gure moduko animalientzat egiten dena. Euskaraz idazten dut hemen eta beste toki batzuetan, baina nik neuk, jeneralean, ez diot ia batere gusturik hartzen idatzitako euskara batu-lehorrari. Ez dut literatura garaikiderik irakurtzen. Betiko Patziku Perurenak eta oraintsuko Danel Agirrek bakarrik egiten didate grazia pixkat, hizkuntza edo pentsaera batu-lehorra heze-banatzen asmatzen dutelako tarteka.

Fedabide hau «Urola-Kostakoa» da, eta ni ez nau gehiegi emoxionatzen izen horrek. Nere benetako eskualdea, eza eta ezina berekin dituena, «Urola-Artibai» da. Guri parean tokatu zaizkigun kostako herriak ere ederrak dira, eta toki apartak olagarroa, bixigua edo izozki ekologikoak jateko eta neoprenopean estututa ibiltzeko, baina gatza beste nonbait dago. Azpeitiarra ez banintz, ondarrutarra izan nahiko nuke. Gatza han dago, eta ez hizketan bakarrik.

Honaino nere gaurko ezak eta ezinak. Mundua baiezka ulertzen laguntzen duten intelektual errealisten hitzik ez bilatu hor goiko izen-deitura horien azpian. Hau beste zerbait da. Hemen Urola-Artibai izeneko eremu irreal batetik ari gara.

The post Urola-Artibaiko hitza appeared first on Urola Kostako Hitza.