Telmo Yurramendi: ‘Kontxa 2016’

Telmo Yurramendi, Donostiarrako arraunlaria.

Denboraldiaren erdialdean, Mendi entrenatzaileak gelditzen zena hiru zatitan banatzeko eskatu zigun: liga, Kontxako Bandera eta lehenaren araberako igoera kanporaketak. Lehenengo zatiaren helburua lortzea ederki kosta zitzaigun, baina zailtasunak zailtasun, lortu genuen play off -etan sartzea. Orain, Kontxako Bandera daukagu jokoan, lehian sartzeko helburuarekin. Guk ondo dakigu estropada gazi gozoa izaten dela. Hiriko estropada izaki, urte osoko lanaren erakusleihotzat baitu zaletuak Kontxakoa. Nola ez du izango ba, aurten ere, Arraunaren Olinpiada dela entzun behar izan du hamaikagarrenez. Esanak esan, arraunak baditu bere Olinpiadak, lau urtetik behin. Eta aurten Rion jokatu dira, sekulako estropadak ikusteko aukera eskainiz. Hau ordea, Kontxa da, urtero iraileko lehen bi igandeetan jokatzen dena eta bere berezitasunekin gainera. Motxila horrekin lehiatzera ateratzen gara, inori ez zaio gustatzen azkena izatea, eta are gutxiago etxeko estropadan.

Errealistak gara. Beste traineruak TKE ligan aritzen dira, eta guk nahiz eta bigarren postua lortu, maila bat beheragoko ligan hartzen dugu parte; ez da erraza horrelako taldeen ondoan arraun egitea. Gure lana, gure gaitasun horiek ahalik eta egokien erabiltzea da, gure %100 erakutsiz eta erreferentzia onak markatuz, ahal dela 20 minutuen langa hori gainditu gabe. Horretarako, Pasealeku Berriak eta Santa Klara uharteak marrazten duten barratik kanporako tarte horretan hobetu behar dugu, eta horretarako ari gara lanean urte osoan zehar.

Hori esanda, aurtengo Kontxako sentipena ezberdina izango da. Gure denboraldia ez da arranplan gora egitean amaituko, astebete beranduago baizik. Izan ere, igoera kanporaketak irailaren 17 eta 18an izango ditugu Bermeon eta Portugaleten. Arerioari neurria hartzeko ere balioko digu Kontxak. Lehiatzen jarraitzeko aukera ematen digu, hori abantaila txiki bat izanik kanporaketako gainerako traineruen aldean, beren azken estropada irailaren 1ean izan zelako, Kontxako sailkatze estropadan. Lehia horrek taldeko tentsioa eta kontzentrazioa mantentzeko balioko digu, burua gogortuz eta gorputza are gehiago estutuz.

Ea txandakideren bat urduri jartzea lortzen dugun bigarren jardunaldian. Gogorik ez zaigu falta, eta horren bila irtengo gara igandean ere.

The post Telmo Yurramendi: ‘Kontxa 2016’ appeared first on Irutxuloko Hitza.

[manual_related_posts]