Energia aurrezteko asmoz, argiteria publikoa berritu du Gernika-Lumoko Udalak

Hain justu, 125 argi aldatu dituzte Gernika-Lumon; aurrekoen ordez, LED bloke optikoak jarrita. Izan ere, udalak dioenez, “askoz eraginkorragoak dira” azken horiek.

Guztira, 125 argi berri jarro ditu Gernika-Lumoko Udalak. Argazkia. Gernika-Lumoko Udala.

Aurreko argiteriagaz alderatuta, oraintsu jarritakoek argitasun gehiago emango dute, udalaren arabera; “argia ez baitute gorantza bideratzen”. Halaber, argiteria berriarekin argi-kutsadura ere “ekidin” egingo dela ziurtatu du udalak, eta, era berean, argiaren uniformetasuna eta kalitatea ere hobetuko direla azaldu du.

“Eraginkortasun energetikoa hobetzea” izan du helburutzat udalak jarduera horregaz; hain zuzen, “argiteria publikoari ahalik eta etekin handiena ateratzea” izan du xede. Hala, argiteria berriagaz, argiaren kontsumoa eta potentzia aurreztuko dela argi dauka udalak.

Energia aurrezteak, baina, ez duela argiaren kalitate maila jaitsiko dio: “Azken urteotan argiteriak lortutako kalitate maila mantendu egingo da, eta, kalitateak behera egin gabe, ingurumenerako hobekuntzak ekarriko ditu”.

125 argi berri horiek honako kaleetan jarri dituztela jakitera eman du Gernika-Lumoko Udalak: Andra Marin, Ocho de Eneron, San Roken, Domingo Bernaolan, Barrenkale Barrenan, Fernando Abaunzan, Pedro Aboitizen, San Juanen, Artekalen eta Don Tellon.