90 euroko «isun sinbolikoa» ezarri diete TMAko behargin ohiei

Urtarrilaren 19ra arte errekurtsoa jartzeko aukera dauka TMAko nagusiak. Sententzia argia dela diote beharginek, eta auziagaz amaitu nahi dutela esan dute

Amets gaiztoa amaitu da David Gonzalez eta Alexis Rodriguez Etxebarrian zegoen TMA enpresako langile ohientzat. Urtarrilaren 2an hartu zuten epailearen ebazpena, eta zigor eskaera altuekin hasitako epaiketa penala (5 urte eta 4 hilabeteko espetxe zigorra eta ia 70.000 euroko isuna eskatzen zuen akusazio partikularrak eta 2 urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra fiskaltzak), falta prozedura soil batean amaitu da, 90 euroko isunagaz.

Urtarrilaren 19ra arte, oraindik errekurtsoa jartzeko aukera dauka TMAko nagusiak, hala ere, sententzia argia dela ikusten dute. «Errugabeak garela dio, eta erruduntzat jotzen gaituen gauza bakarra borrokatu egin dezakegu absoluzioa lortzeko. Baina, egia esateko, nahi dugun gauza bakarra gu bakean uztea da. Sententzia betetzea nahi dugu, eta eraman dugun borroka kriminalizatzen ez jarraitzea», dio Alexis Rodriguezek.

Alde batetik, lasaitasuna izan dela adierazi dute, eurek esaten zutena egiaztatu dutelako, eta beste alde batetik, poztasun sentsazio bat ere bai, nahiz eta 90 euroko kondena ezarri dieten kondena hori absoluzio bat bezalakoa dela ikusten dutelako. «Zelan azaltzen dute orain ezarri ziguten horrelako hurruntze agindu ikaragarri eta neurriz kanpokoa; zelan azaltzen dute gure kontrako 800 orriko dosierra, eta zelan azaltzen dituzte gure aurka eskatu zituzten kargu handiak», dio Rodriguezek.

Behargin ohiaren iritziz absoluzioa arazo bat izango litzateke parteen artean. «Nekatu arte esan genuen errugabeak ginela, eta lan arazo bat zela. Zorionez, epaileak horrela ulertu du, kargu penalak erretiratu ditu, falta prozedura batean utzi du auzia, eta 90 euroko isun sinboliko bategaz uzten gaitu».

Balorazioa

David Gonzalez markina-xemeindarra ere pozik dago. Alexis Rodriguez eta LAB sindikatuko ordezkari batek eman zioten epaiaren ebazpenaren berri, gaur egun beharra egiten duen lantegian. «Dena amaitzeko zain gaude. Beti beldurretan ibili gara Durangora ere joan ezinik. Errekurtsorik ez badago 19an amaituko da dena».

Borrokaldi osoan egin duten modura, auziari amaiera eman eta epaiaren balorazioa egiteko ere elkartu egin dira TMAko langile ohiak. Justiziazko epai bakarra absoluzioa zela aldarrikatu dute ozen, eta argi geratu dela ezarritako isun sinbolikoak helburu jakina zuela: «Gure lankideen aurka zein TMAko langile ohi guztien aurka jardun dutenen jarrera lotsagarria zuritzea».

TMAko langile ohien asanbladaren ustez, absoluzio batek euren ugazaba ohiaren «gezurrak» ageriago utziko lituzke. «Fiskaltza azken horren morroi bezala irudikatuz, eta Probintzia auzitegiak Alexis Rodriguez eta David Gonzalezi ezarritako neurrigabeko urruntze agindua oinarrizko eskubideen zapalketa bezala».

TMAko asanbladari garrantzitsua iruditzen zaio langileek borrokaren zilegitasuna zein beharrezkotasuna barneratzea eta patronalak zein espainiar sistema juridikoak bultzaturiko errepresioari aurre egiteko modu eraginkorrena neurri hauen aurkako babes eta elkartasun eremuak sortzea dela uste dute.

«Berriro ere gure lanpostuen defentsan aurrera eramandako borroka justu eta zilegia ezbaian jarri nahiko balute, jakin dezatela kalean topatuko gaituztela borrokan, eta gure auziarekiko babes eta elkartasuna eraikitzen. Azken finean, borroka hau, herri honetako langile guztien borroka delako», azpimarratu nahi izan dute.

[manual_related_posts]