Autzaganeko istripuak tren zerbitzua eta zirkulazioa eten ditu

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, atzo, 13:20ak inguruan, auto batek eta kamioi batek talka egin zuten BI-635 errepidean, 27,4 kilometroan Autzaganen, Gernika-Lumorako noranzkoan.

Istripu horren ondorioz, autoa trenbideraino erori zen, maldan behera eginda. Ertzaintzak azaldu duenez, autoan zihoazen bi emakumeak irten ezinik geratu ziren. Hori dela eta, suhiltzaileak joan behar izan ziren ezbeharra gertatutako tokira. Hala, pertsona bi horiek beraien ezaguera osoan erreskatatu zituzten. 59 urteko emakumea zen bata, eta Galdakao-Usansoloko ospitalera eraman zuten; 47 urtekoa zen bestea, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten azken hori.

Ezbeharraren ondorioz, gainera, errepidea itxi egin behar izan zuten, eta 15:45ak aldera ireki zuten. Auto ilara handiak sortu ziren, eta zirkulazioa Dudoleta-Montecalvorantz bideratzen aritu ziren.

Tren zerbitzua ere eten egin behar izan zuten hainbat orduz; izan ere, eroritako autoa bertatik ezin atara ibili ziren. Ertzaintzak azaldu duenez, tamaina bereziko garabia behar izan zuten lan hori egiteko.