Bihar epaituko dituzte Loiolako herri harresian atxilotutako bi lagunak

2014an Loiolako Askegunean egin zuten herri harresian atxilotu zituzten bi lagunen aurkako epaiketa izango da bihar. Esteban Orbegozo azpeitiarra eta Beñat Hach Embarek ormaiztegiarra epaituko dituzte Donostiako Lurralde Auzitegian, eta akusazioak 21.292 euroko eta hiruna urteko espetxe zigorra eskatzen du haientzat, desobedientzia eta autoritatearen aurkako atentatua egotzita. Fiskalak, berriz, zortzi hilabeteko zigorra eskatu du, desobedientzia eta erresistentzia delituengatik. 11:30ean hasiko da saioa, eta Libre dinamikak deituta, ordu erdi lehenago elkarretaratzea egingo dute epaitegiaren aurrean.

LABek babesa auzipetuei

Epaiketaren aurrean, Urola Kostako LABek babesa adierazi die auzipetuei. “Estebanek beste behin ere erakutsi digu duintasunak ez duela mugarik eta beti borrokan egoteak merezi duela”. Biharko epaiketa “euskal gazteen, langileen eta Euskal Herriaren” aurkako zigorra dela salatu dute, eta bihar goizean egingo den elkarretaratzera joateko dei egin die langileei.