Euskararen paparazziek egin dute bere lana

Horrela ez, baina jo eta su ibili dira Oarsoaldeko argazkizaleak irudiak ateratzen.

Dendetan eta komertzioan oro har euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko Euskararen paparazziak izeneko argazki lehiaketa abian izan du aurreko asteetan Oarsoaldeko Euskara Batzordeak. Saltokietan euskaraz dauden detaileak hartu dituzte partaideek euren kamerekin, batzuk txikiak, besteak handiak.

Argazkilariek jada bidali dituzte euren irudiak, eta horietatik 48 aukeratu dituzte, lehiaketaren oinarrietan zehaztutakoak aintzat hartuta. Aukeratutakoak Oarsoarrak webgunean (Oarsoaldeko Euskara Zerbitzuaren webgunea) ikus daitezke.

Epaimahaiko kideek bihar (hilak 26, osteguna) jakinaraziko dute 48 argazki horietatik zein iruditu zaien onena. Sariak, mardulak: lehen saria da Oarsoaldeako komertzioetan baliatzeko 400 euroko bonoa; bigarrena, 200 eurokoa.