Hondarribian ere, Sahararen alde

Irunen bezala, Hondarribian ere Sahararen aldeko janari bilketa abiatu du Tadamun elkarteak. SEADen (Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa) aldeko Otsailak 27 Euskal Elkarteen Koordinakundeak hamahirugarrenez antolatu du Piztu Itxaropena leloa duen Sahararen Aldeko Euskal Karabana, eta koordinakunde horren barruan dago Bidasoan lan egiten duen Tadamun elkartea.

Euskal karabana, Saharar Ilargierdi Gorriarekin koordinatuta dago eta otsailean abiatuko da Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpalekuak helburu.

Hondarribian, ikastetxeetan eta Eroski, Eroski City, Super BM eta Sokoa saltokietan jasoko dituzte jakiak. Eskoletan, hilaren 23an hasi zuten bilketa eta ostirala da azken eguna. Supermerkatuetan, ostiral arratsaldean eta larunbatean, goiz eta arratsaldez, ariko dira boluntarioak janariak jasotzen.

Honako produktuak behar dituzte: arroza, pasta, atuna eta sardina kontserbak, azukrea, lekaleak eta emakumeentzako konpresak.

Bidasoan Tadamumek burutzen du bilketa