Markina-Xemeingo Garaian aldizkariaren 52. zenbakia laster kalean

Zapatuan [urtarrilak 28] aurkeztuko dute Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean Garaian aldizkariaren zenbaki berria. 12:00etan, mami-mami egingo dituzte, Garaian Kultur Elkartekoek, 52. zenbakiaren gai nagusien nondik norakoak.

Aldizkaria egiten duten Garaian Kultur Elkartekoek aurreratu dutenez, oraingo honetan zesta-punta gaia jorratu dute aldizkarian. Horretarako, elkarrizketak egin dituzte garai ezberdinetako pelotariekin, eta emakume pelotari bategaz ere egon dira bere esperientzia eta Xistera proiektua ezagutzeko, Izaro Arbegaz, hain zuzen ere.

Zapatuan kaleratuko duten Garaian aldizkariaren 52. zenbakiaren azala. Argazkia: Garaian Kultur Elkartea

Beste alde batetik, Berbetan atalean, pelotarien familien ikuspuntua azaleratu nahi izan dute, horregatik, belaunaldi ezberdinetako pelotarien emazteekin osotu dute atal hori.

Betiko modura, irakurleek aldizkariaren erdialdean argazki galeria bat ere aurkituko dutela jakitera eman dute: Erretratuak atala. “Pelotariak bere ibilibide profesionalean hara eta hona ibili dira eta jokatu duten leku ezberdinetako argazkiak jaso nahi izan doguz;  beraien egunerokotasunekoak, frontoiko pelotarien kuadroak, zesta-puntaren glamour-a eta familia giroa besteak beste”, zehaztu dute.

Aldizkariaren bigarren zatian kokatzen den Historian Barrena izeneko atala Miguel Angel Bilbao eta Patxi Juaristiren artikuluekin osatu dute, zesta-puntaren jatorria eta Markina-Xemeinen izan duen garrantzia aztertuz.