Bizkaiko suhiltzaileek 5.010 esku hartze egin zituzten iaz, gehienak erreskateak »

Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, Bizkaiko Suhiltzaileen Zerbitzuak iaz egin zituen esku hartzeetatik erdia baino gehiago (2.667) erreskateak eta salbamenduak izan ziren (%54). Suteak %31 izan ziren (1.536), eta gainontzeko %15 laguntza teknikoak (773). Erreskate eta salbamendu lanei dagokienez, 620 kasu etxebizitza itxietara sartzeko esku hartzeak izan ziren; gehienetan adinekoak edota arazoak zituzten pertsonak […]

Iluntasunaren ondorengo argia Ondarroako San Ignazio kalean »

2016ko martxoaren 8a zen. Kamiñaldetik harriak erortzen hasi ziren San Ignazio kaleko etxeetara. Bizilagunek alde egin behar izan zuten. Amesgaiztoa hasi zen. Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak kargua hartu berri zuen aurreko egunean. Ez zuen hasiera erraza izan bere agintaldiak. Lehen erabakia: San Ignazio kaleko bizilagunak etxebizitzetatik ateratzea, Kamiñaldeko mendi magala beherantz zetorren eta. Bezperan lehen […]

Dorreko memoriak »

Edurne Elizondo

Hiru ordu pasatuta. 2003. urteko otsailaren 20ko goizeko ordu bata aldera hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalak Euskaldunon Egunkaria-ren aurka agindutako operazioa, baina guardia zibilek 04:00 aldera jo zuten hedabide horrek Nafarroan zuen egoitzako buru Alberto Barandiaranen etxeko atea. Hiru ordu pasatuta.

Kazetariak gogoan du orduko egoerak eragindako “inpresioa”; gogoan du guardia zibilen autoan Iruñeko Alde Zaharretik Donibane auzoko Irrintzi dorreraino egin behar izan zuen bidaia, bai eta bulegoan egindako miaketan ondoan izan zituen guardia zibilen probokazioak ere. “Urduri ote nengoen galdetzen zidaten, behin eta berriz, begirada gainetik kendu gabe”.

Goizean, 06:30 aldera, lagun zuen baten aurpegia ikusi ahal izan zuen Barandiaranek, azkenean: Euskalerria irratiko Mikel Bujandarena. Irrintzi dorrean du irratiak ere egoitza, eta eraikina inguratzen duen terrazatik agertu zen Bujanda, goiz hartan, Egunkaria-ren egoitzaren parera. “Ez dakit nola jakin zuen; guardia zibil bat terrazara atera zen, eta ezin izan zen gehiago hurbildu”.

Egunkaria-ren Nafarroako egoitzan lankide izandako Asier Azpilikuetarekin eta Irene Arrizurietarekin gogoratu ditu Alberto Barandiaranek duela hamabost urteko guztiak. Hiruren artean osatu dute egun luze hartan jazo zenari buruzko kontakizuna, beren oroitzapenekin eta beren sentsazioekin.

Arrizurietak irratian entzun zuen egunkariaren aurkako operazioaren berri. “Bilbora joan behar nuelako esnatu nintzen goiz. Busaren zain nintzela entzun nuen Manu Etxezortu esaten Alberto bulegoan zutela guardia zibilek. Shock egoeran nintzen”, erran du.

Arrizurieta 07:30 aldera ailegatu zen Irrintzi dorrera. Egoitza zigilatzeko lanak amaitzen ari ziren. Guardia zibilek inguratuta ikusi zuen Barandiaran, atearen aurrean. Zurginak deitu zituzten guardia zibilek atea hainbat egur puskarekin ixteko. Guardia zibilek alde egin zutenean, lankideek bezala, Euskalerria irratikoen egoitzan bilatu eta aurkitu zuen aterpe Barandiaranek. Orduan jakin zuten ez zegoela atxilotuta. Bai, ordea, Egunkaria-ko zuzendari Martxelo Otamendi eta bertze bederatzi.

Azpilikuetari aitak eman zion gertatu zenaren berri, ernatu zenean. Kazetaria Nafarkaria-ko arduraduna izan zen, baina UPNren gobernuak gehigarria diru laguntzarik gabe utzi eta desagertu eta gero, Andoaingo erredakzio nagusira joan behar izan zuen lanera, Egunkaria-ren Iruñeko egoitzatik. Nafarroan harrapatu zuen itxierak, eta Iruñeko lankideen ondoan egin zituen BERRIA sortu arteko hurrengo urratsak.

Azpilikuetak ere Euskalerria irratirako bidea egin zuen itxieraren berri jaso bezain pronto. Han egin zuten bat, eta han jaso zituzten langileek elkartasuna agertzeko lehendabiziko deiak. Irratiko mikrofonoen bidez, zuzenean kontatu zuten bat-batean aurrean topatu zuten egoerak eragindakoa, eta herritarrak hasi ziren deitzen ordenagailu bat edo behar zuten bertze edozer gauza eskaintzeko.

“Eguerdian, Irrintzi dorrearen aurrean egin genuen itxiera salatzeko lehendabiziko elkarretaratzea; ia deus esan gabe, eta, halere, jende asko etorri zen. Gogoan dut gizon bat laneko buzoarekin etorri zela, ondoko tailer batetik. Ordenagailu bat bazuela, eta guretzat zela nahi izanez gero. Jendearen babesa sekulakoa izan zen”, gogoratu du Barandiaranek.

Bide zaila kioskoetara

Babesa azaltzeko lehen eguneko keinuak benetako elkartasun olatu bilakatu ziren egunkaria itxi eta handik bi egunera, euskalgintzak deituta manifestazio handi batek hartu zituenean Donostiako karrikak. “Sekulakoa izan zen”, erran du Arrizurietak, eta Azpilikuetak ere onartu du egun hura izan zela “malko gehien” eragin zuena. Aitortu du, halaber, biharamunean Egunero-ren lehendabiziko zenbakia eskutan hartu zuenean jabetu zela benetan itxierak ekarritakoaz.

“Itxia, baina ez isildua”. Lerroburu hori jaso zuten Egunkaria-ko langileek lehendabiziko Egunero haren azalean. Diario de Noticias egunkariko Uharteko errotatibatik kioskoetara ailegatzeko bidea, halere, ez zen erraza izan. “Diario de Noticias egunkariaren egoitzara joateko eskatu zidaten. Guardia Zibila etorri zen agindu judizial batekin, esanez hor ezin zela Egunkaria-ren ordezkorik inprimatu. Gogoan dut mahai baten azpian sartu nintzela, Egunkaria-rekin ez lotzeko. Han ziren langileek bilera egin zuten gero erredakzioan, zer egin erabakitzeko. Eta aurrera egin zuten. Eskertzekoa da egindako urratsa, arriskua bazelako”.

Bi furgoneta atera ziren Uhartetik. Lehendabizikoaren atzetik joan ziren guardia zibilak. Handik ordu erdira atera zen bigarrena. “Ez dakit zein, baina bat ailegatu zen kioskoetara”. Goizeko lauretan ailegatu zen Barandiaran etxera, guardia zibilek handik atera eta 24 ordura.

Egunero kaleratzeko lana egunkari berri bat sortzeko proiektuarekin uztartu zuten Egunkaria-ko langile ohiek, lau hilabetez. Iruñekoek lortu zuten haientzat hagitz garrantzitsua zen zerbait: Irrintzi dorretik alde egin behar ez izatea, alegia. Eugenio Arraizak utzitako bulegoa bilakatu zen haien behin-behineko egoitza.

Euskalgintzarekin lotura estua du Iruñeko Irrintzi dorreak, eraikin horrek hartu baitzuen, denbora batez, hiriburuan sortutako lehendabiziko ikastola. Egunkaria itxi zutenean, gainera, Euskalerria irratiak ez ezik, AEKren Irrintzi euskaltegiak ere han zuen egoitza. Irratiko lankideen babesa nabarmendu dute, batez ere, Egunkaria-ko kide ohiek, estua izan baita beti haien arteko harremana. BERRIAk ere Irrintzi dorrean du egoitza, oraindik ere, baina Barandiaranek aitortu du “min bat” baduela, langileek sortutako proiektu berriak ez zuelako lortu Egunkaria-ren egoitza zaharrera itzultzea. “Ez omen zen komenigarria. Nik, halere, min hori dut, oraindik ere”, berretsi du, tristuraz, kazetariak.

Epaileek ezarritako zigilua Egunkaria itxi eta handik urte eta erdira gelditu zen bertan behera. Hautsez beteta aurkitu zuten lantoki izandako bulegoa Iruñeko langileek. Urte eta erdi horretan, halere, hainbat aldiz sartu ziren Iruñeko kazetariak epailearen aginduz itxitako egoitzan. Ate nagusia bai, egur puskekin itxi zuten guardia zibilek, baina terrazako ateetako bat, ordea, erdi irekita utzi zuten.

Itxitako egoitzaren barruan

Beldurrak hartzen zituen langileak itxitako bulegora sartzen ziren bakoitzean, orain, irribarrez, gogoratu dutenez. “Ondoko etxetik norbaitek ikustea eta filmatzea zen gure kezka, eta erdi makurtuta ibiltzen ginen terrazan. Barruan ahalik eta denbora gutxien gelditzen saiatzen ginen”, azaldu du Barandiaranek. Egoitzan zituzten landareak ateratzera joan ziren lehendabizikoz. Gero, adibidez, Jorge Oteiza eskultore oriotarra hil zenean, 2003ko apirilaren 9an, artistari buruz Egunkaria-n gelditu zen materialaren bila sartu ziren.

Beldurra aipatu du Barandiaranek ordukoak gogoratu dituenean. Eta nabarmendu du kezka edo ezinegona hainbat unetan sentitu zuela, Egunkaria ixteko operazioa martxan jarri eta gero. “Behin, kalean ikusi nuen etxera etorritako guardia zibiletako bat; atzetik nuela pentsatzen dut”. Arrizurietak ere onartu du beldurrak jo zuela hasieran. “Lehendabiziko gaua lagun baten etxean pasatu nuen; ez nintzen lasai sentitzen”.

Epaileak urriko atxilotzeak agindu zituenean, gora egin zuen beldur horrek. “Imanol Murua Uriak deitu zidan atxiloketen berri emateko. Gau hartan etxetik kanpo egin nuen lo. Argi nuen etorri behar bazuten etorriko zirela, baina ez nuen etxean egon nahi”, gogoratu du Barandiaranek.

Beldurren eta kezken gainetik, aurrera egiteko borondateak hartu zituen Egunkaria-ko langile ohiak. Onartu duen arren Egunero-ren lehen zenbakia ukitu zuenean jabetu zela benetan gertatu zenaz, Egunkaria-ren tokia bete zuen hedabide horren martxan murgiltzeak aurrera egiteko indarra eman ziola ere nabarmendu du Azpilikuetak. “Egin itxi zutenean, Iruñeko kazetariak hartu genituen gure egoitzan. Ikusi nuen Euskadi Información atera eta gero Gara sortu zutela. Argi nuen guk ere bide bera eginen genuela”, azaldu du.

Idatzi, hitzaldiak eman, akzioak saldu… Hamaika lan egin behar izan zituzten kazetariek BERRIA sortu arte. Egunkari berriak izanen zuen izenari buruzkoak gogoratu dituzte langileek. “Gu izan ginen izen hori ezagutzen lehenengoetarikoak, Euskalerria irratikoen Larreko saria jaso genuenean BERRIAren elastikoak janzten lehenak izan baikinen”, gogoratu du Azpilikuetak.

Larreko saria egunkari berriaren lehendabiziko zenbakia kaleratu baino hainbat egun lehenago jaso zuten Egunkaria-ko langile ohiek. BERRIA lehendabizikoz inprimatu zutenean, Diario de Noticias egunkariaren Uharteko egoitzara itzuli zen Barandiaran. Egun hartan ez zen bakarrik joan. Iruñeko lankideak izan zituen ondoan, eta haiek izan ziren egunkari berria ukitzen eta irakurtzen lehenak.

Egunkaria-ren lekukoa hartu zuen proiektuak hamabost urteko bidea egin eta gero, hasiera artako lana ekarri dute gogora Arrizurietak, Azpilikuetak eta Barandiaranek. Egunkaria-ko langile ohiek egindakoa, bai eta bidean lagun izandako guztiena ere. “Nik uste dut nabarmentzekoa dela euskalgintzak egindako lana. Jende asko eta asko inplikatu zen gurekin”, erran du Azpilikuetak. Epaile baten aginduz itxi zuten Egunkaria, eta epaileek absolbitu zituzten gero, auzipetutako guztiak. “Nola azalduko diet semeei hori guztia?”, galdetu du kazetariak.

Barandiaranen semeek 7 urte zituzten guardia zibilak aitaren bila joan zirenean etxera. Egunkaria-ren Nafarroako egoitzako buru ohiak beti azaldu die jende askoren artean sortutako proiektu “polit, interesgarri eta inportantea” izan zela 2003an itxi zutena. “Niretzat sekulako garrantzia izan du naizena izateko”, nabarmendu du. “Gure esparruan uste genuen baino gehiago eragin zuela uste dut”.

Bat egin du Arrizurietak, eta agerian utzi nahi izan du Egunkaria-k utzitako arrastoa. “Kazetaritzak eman dit asko”. Egun ilunak izan ziren harentzat eta gainerako langileentzat itxierak ekarri zituenak. Hamabost urte joan eta gero, elkartasunak emandako argia du gogoan.

The post Dorreko memoriak appeared first on Nafarroako Hitza.

Jaiotzak dolua dakarrenean »

Kattalin Barber

Haurdunaldiaren 31. astean erditu zen Raquel Besora. Adrian hilda jaio zen, eta Julen, berriz, bizirik. “Pozik nintzen Julen bizirik zegoelako, baina, era berean, hautsita, Adrian hilik zegoelako”. 2011n galdu zuen Besorak Adrian. Harentzat, urte gogorrak izan dira azkenak. Duela hiru urte, haurdun gelditu zen berriro. Beldurrak hartu zuen, baina dena ongi atera da.

Marta Martinezek irailean jakin zuen ume bat galtzea zer den. Haurrak taupadarik ez zuela esan zioten 36. asteko ohiko ekografia egin ziotenean. “Aurreko egunetan mugimendu handia sentitu nuen sabelean. Diotenez, zilbor-hestea hiru buelta emanda zuen lepoan, eta ito egin zen”.

Besoraren eta Martinezen kasuak ez dira bakarrak. Nafarroan, bizpahiru ume hiltzen dira hilean, erditzean edo handik egun gutxira. Beste hainbat amarekin batera, Besorak eta Martinezek babes talde bat sortu dute orain, erditzerakoan edo jaio ondoren umea galdu duten gurasoei eta familiei laguntzeko. “Antzeko egoerak bizi izan dituzten familientzako espazioa da gurea. Haurra galdu dute, eta konfiantzazko toki bat eskaini nahi diegu, sentitzen dutena esateko, entzuteko, partekatzeko…”, esan du Besorak. Dolua egitea oso “mingarria” dela jakinarazi dute, baina dolu hori eginda bakarrik egin dezaketela aurrera. El hueco de mi vientre sarearen bidez jarri dute martxan ekinaldia, Iruñean.

Joan den larunbatean egin zuten aurkezpena, eta pozik daude, guraso eta familia askok interesa agertu zutelako. “Gehienek esan digute beharrezkoa zela, horrelako zerbaiten beharra zutela”, azaldu du Martinezek. Orain arte Iruñean ez zegoen horrelako laguntza eskaintzen zuen talderik. Asmoa da bilerak hilabetean behin egitea. Hurrengoa, hain zuzen ere, martxoaren 13an izanen da, 19:00etan.

Iruñeko taldeko bultzatzaileek esan dute dolu mota hori ez dagoela batere onartua gizartean. “Askotan esan digute lasai egoteko, gazteak garela, edo beste seme-alaba bat izanen dugula aurrerago. Baina guk hil berri den seme-alabaz hitz egin nahi dugu, eta askotan ez dugu espazio hori aurkitzen gizartean”. Ez bakarrik gizartean. Haurra hilik jaiotzen baldin bada, ezin da familia liburuan erregistratu. “Ez da existitzen”. Besorak eta Martinezek salatu dute gizartean eta erakundeetan, egoera hori arlo guztietan ukatzen dela. “Galera horrek ez du izenik. Nola esaten zaio ume bat galtzeari?”.

Emakumeek lagun eta ezagunen bitartez egin dute bat. Laguntza eske, babes eske. Horrela osatu dute taldea, eta erabaki dute laguntza zabaltzea eta horrelako esperientziak izan dituztenekin partekatzea, guztien artean laguntza sare bat osatzeko asmoz. “Sentitzen duzuna esateko leku bat, bakarra ez zarela ikusteko leku bat, orainari aurre egiteko leku bat, bizitzari eusteko leku bat”, esan du Martinezek. Izan ere, haurdunaldian hildako umeen gaia beti izan da “tabu antzekoa” gizartean, “isildu beharrekoa”. Taldeek ez dute sendatzen, baina lasaitu eta mina arintzen laguntzen dute. Horixe baita helburua.

Duela gutxi gertatu zitzaion Martinezi. Erabaki asko hartu behar izan zituen umea galdu zuenean. Hilik jaiotako umearen aurpegia ikusi nahi ote zuen, besarkatu edota kulunkatuko ote zuen, adibidez. Hasieran ez zuen nahi. “Bakarrik gorrotoa nuen, haserre nengoen”. Iritzia aldatu zuen, ordea, eta semea besotan hartu zuen. Zinez eskertuta dago, eta orain onartzen du esperientzia baliagarria izan zitzaiola dolua gaindituz joateko. “Nire semeari agur esan diot”.

Era berean, semea galdu zuenean ospitalean jaso zuen tratu beroaren garrantzia nabarmendu du Martinezek; Besorak, berriz, “gaiaz lasaitasun osoz hitz egitea” gomendatzen du, “psikologikoki mesede handia” egiten duelakoan. Hala egiten dute etxean, eta natural tratatzen dute heriotza. “Julenek badaki bikia zela, eta noizbehinka erritual txikiak egiten ditugu”, esan du. Oroitzapenez hitz egin du. Izan ere, ez du hilik jaiotako umearen oroigarririk, baina doluetan oroitzapenak zeharo garrantzitsuak dira. “Bizitza eman nahi duzu, eta bat-batean, heriotza da zuregandik ateratzen dena. Inor ez dago horretarako prestatuta, inork ez luke egon behar”.

Profesionalak trebatu

Heriotza perinatal baten ondoren, berebiziko garrantzia du osasun langileek gurasoei ematen dieten arretak. Horregatik, gertatutakoa kontuan hartu behar dute, eta leuntasunez tratatu, gurasoen dolua ahalik eta osasuntsuena izan dadin, dolu konplexua garatu ez dadin eta arreta ahalik eta zuzenena izan dadin. Hori adierazi du Patricia Roncallo psikologoak; babes taldean egonen da laguntzen. “Amek sentimendu asko dituzte momentu horretan, oso une gogorrak dira, eta aukerak eskaini behar zaizkie, bai eta denbora eman ere, zer egin erabakitzeko, lasaitasunez”.

Besorak, adibidez, ez zuen semea agurtzeko denborarik izan. “Azkar eraman zuten, eta senarra eta biok ez genuen aukerarik izan besarkada bat emateko”. Oraindik ez du ulertzen zergatik ez zioten harekin egoten utzi, eta gogoan ditu ospitalean saihets zitezkeen hainbat gauza. Pozik da, halere, badakielako gaur egun tratua asko aldatu dela. Gainera, jakinarazi du Nafarroako Ospitale Gunean protokoloa lantzen ari direla, jaioberria galdu duten familiak hobeki artatu ahal izateko.

Seme-alabak jaio aurretik, erditzean edo epe laburrean galdu dituzten familiei babesa ematen ariko dira Besora eta Martinez; babesa jasotzen ere bai. Harrigarria dirudien arren, momenturik latzenetan ere ikasi egin du Martinezek: argia dagoela bidearen amaieran. “Prozesu bat da hau; ekaitz baten erdian nago orain, baina badakit hemendik aterako naizela”. Ez dagoelako bakarrik. Ez duelako bidea bakarrik egin behar izanen.

The post Jaiotzak dolua dakarrenean appeared first on Nafarroako Hitza.

Bidean bat egiteko »

Edurne Elizondo
Egiturazko aldaketa proposatzen du feminismoak, eta euskalgintzak ere horixe behar du euskararentzat”. Euskal Herriko Bilgune Feministako kide Miren Aranguren Etxarterenak dira hitzak. Gehiago erran zuen, duela astebete, AEK-k antolatut…

The post Bidean bat egiteko appeared first on Nafarroako Hitza.

“Turismoaren igoerak errealitatea asko aldatu du” »

Ekonomian doktorea eta EHUko irakaslea da Aitziber Etxezarreta (Gros, 1978). Etxebizitza sistemak eta politika ereduak aztertu ditu bere doktorego tesian. Etxebizitzak erostea eta alokatzea oraindik ez dago eskuragarri herritar guztientzat. Azken urteetan asko aldatu da egoera? Arazo estrukturalak berdin jarraitzen du, baina Donostiaren kasua berezia da. Turismoaren igoerak hiriko errealitatea asko aldatu du azken 10 […]

Iluntasunaren ondorengo argia »

2016ko martxoaren 8a zen. Kamiñaldetik harriak erortzen hasi ziren San Ignazio kaleko etxeetara. Bizilagunek alde egin behar izan zuten. Amesgaiztoa hasi zen.Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak kargua hartu berri zuen aurreko egunean. Ez zuen ha…

Goierriko eskoletako 500 haurrek mendi irteera dute bihar »

KIROLA // Goierriko eskolek antolatuta eta Aizkorri elkarteak lagunduta, bihar mendi irteera egingo dute 08:30ean Bideluze plazatik abiatuta. Sagastigutiatik Beasainmendira eta handik Usurbeko tontorrera igoko dira mendizaleak. Jaitsieran hamaiketako…

Arronategiren dispertsioa salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur »

19:00etan mahai ingurua antolatu dute Etxerat-eko Jone Artolagaz eta Arronategiren etxekoekin. Arronategi Euskal Herrira gerturatzea eskatzen duteKepa Arronategi euskal presoaren egoeraren berri emateko ekintzak antolatu dituzte, gaurko; horien bitarte…

Martxoak 8ra begira ideiak biltzen ari dira lazkaotarrak »

LAZKAO // Bi elkarretaratze deitu dituzte, martxoaren 8ko emakumeen planto egunarekin bat egiteko. Goizeko zein arratsaldeko lanuzteekin bat eginez bilduko dira plazan, 12:00ean eta 19:00ean. Ideia eta emakume gehiago biltzeko deia ere egin zuten, aste…